XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Historiaren kontzeptu grekoa zen hori.

Tukididerena.

Drama bezala, historia pieza hezitzaile baten eran kontsideratzen duenarena.

Magistra vitae.

Horrela historia onez eta gaiztoz betetzen da.

Ekintza zuzenez eta okerrez.

Pedagogiaz.

Aingeruz eta deabruz, gero.

Teologiaz.

Historia desarroilo gisa kontsideratuz, aldiz, onak eta gaiztoak western filmeetarako utzirik, erraz ulertzen da, zergatik ekialdeko patriarka bat ez zen eta ezin izan zitekeen heroi erromatar bat, Katonen edo Augustoren bertuteekin, edo santu kristau bat.

Egiptotar bat ez izatea grekoak bezalakoa, ez da egiptotarraren akatsik batere: bakoitza da Jainkoak, eguaroak, aldiaroak eta periodo hartan lorturiko mailak hura zer bilakarazi ahal izan dutena.

Inor ez da izatea tokatzen zaiona baino gehiago izaten.

Eta hori dena 1774ean idazten zuen.

Oraingo gehienak baino modernoagoa jada orduko.

Gero Herder-ek ebazten badu, probidentziaren bideak bere helburura, milioika gorpuren gainetik paseaz, jotzen du, ez da gerrak justifikatzen ari.

Gerrak ere historia direla, eta historia egiten dutela, esaten ari da soil-soil.

Hegel berdin mintzatuko da.

Marxek ez du errepikatu besterik egin.

Historia ulertzeko ahaleginak ez dauka justifikatzearekin zerikusirik.

Justifikazio eta kondenazio moralak uzten direnean, hain zuzen, har dezake historiak sentidu ez teologiko bat.

Bere sentidua: historiak berak hartzen du sentidua eta denak hartzen du sentidu bat haren barruan.

Gerrak ere bai.

Sentidua historiak ematen dio, ez zaio zerutik behera gaineratzen.

Orduan bertuteek ez dute bizioek baino gehiago harritzen.

Piramideetan, edertasuna bezainbat, horrorea deskubritzen da.

Horrore faraonikoa.